Russula aurea
Gibel kuletoa, Rúsula dorada, Russule dorée, Gilded brittlegill
OSO ONA
Txapela: 5-10 cm-ko zabalera izan dezake. Hasieran konbexua, gero zapala eta apur bat deprimitua. Amanita Caesarearen antzeko kolorekoak dauzka: gorri-laranja bizia eta ertza horixka.
Laminak: Solteak. Krema edo hori argiak gaztetan eta horiagoak gero, esporek horitu egiten baitituzte.
Oina: Zilindrikoa. Kolore zurixka du edo horixka samarra.
Mamia: Zuria, biguna eta hauskorra. Usain goxoa du; batzuen ustez, hurraren zaporea du, beste batzuetan, eztiarena.
Noiz eta non aurkitu: Udatik udazkenera bitartean, batez ere, pago eta haritz artean. Bakanka edo talde txikietan ateratzen da. Ez da oso ugaria.
Jangarritasuna: OSO ONA. Fina eta delikatua da, eta estimatua bere itxura ederragatik.
Oharra: Russula honek ez du nahasmenik sortzen bere kolore hori-gorri biziengatik. Komeni da kontuz ibiltzea esku artean, hauskorra baita oso.