Clitopilus prunulus
Errotaria, Salataria, Molinera, Chivata, Meunier, The miller
OSO ONA
Txapela: 5-8 cm-ko zabalera izan dezake. Mamitsua erdialdean, baina mehea ertzean. Oso hauskorra da. Azal zuri-grisaxka dauka.
Laminak: Estuak eta oso dekurrenteak. Hasieran zuriak, gero arrosak esporen kolorearen eraginez.
Oina: Motza eta zuri-grisaxka.
Mamia: Zuria eta oso biguna, hauskorra. Irin usaina du, eta zapore goxoa.
Noiz eta non aurkitu: Udan eta udazkenean ateratzen da basoen argiunetan, batez ere, pagadi, harizti, gaztainadi eta pinudietan. “Salatari” izenaz ere ezagutzen da, berarengandik gertu onddo zuriak egon ohi direlako; beraz, errotaria aurkitzen baduzu aukera handiak dauzkazu, urrin barik, onddo zuriekin topo egiteko.
Jangarritasuna: OSO ONA. Komeni da lehenbailehen jatea, oso hauskorra baita.
Oharra: Toxikotasun handiko Clitocybe zuriekin nahas daiteke: Clitocybe rivulosa, Clitocybe cerussata eta Clitocybe dealbata. Gogoratu Clitopilus prunulus “errotariak” mami biguna eta irin usaina duela eta laminek arrosa kolorea hartzen dutela zahartuz doazen neurrian.