Clitocybe nebularis

Ilarraka, Pago-ziza, Pardilla, Clitocybe nébuleus, Clouded agaric

ONA ONA

Txapela: 5-20 cm-ko zabalera izan dezake. Gris argia edo errauts kolorekoa. Erdian ilunagoa da. Konbexua hasieran eta zapala gero. Kutikula erraz bereiz daiteke.

Laminak: Itxiak, ezberdinak eta dekurrenteak. Batzuetan ez oso dekurrenteak eta beste batzuetan nahiko dekurrenteak. Laminen kolorea krema edo gris-horixka izan daiteke.

Oina: Mamitsua eta gogorra gaztetan, gerora hutsik izaten da barrutik. Zurixka edo arre-gris kolorekoa. Oinaren behealdeak mizelio-hariak (hifak) izaten ditu itsatsita. Horrexegatik, perretxikoa moztu egin behar da, mizelio-sarea ez hondatzeko.

Mamia: Zuria, sendoa eta trinkoa hasieran, gero bigunagoa. Usain tipikoa eta indartsua du. Ez da erraza definitzeko, baina usaimen ona duenak begiak itxita ere ezagut dezake.

Noiz eta non aurkitu: Urritik azarora, pinudi, pagadi eta hariztietan. Askotan talde handitan ateratzen dira, zirkulu edo ilara handiak marraztuz. Oso arrunta eta ugaria da.

Jangarritasuna: ONA batzuentzat eta oso ona zenbaitentzat, baina astuna gerta daiteke estomago makala dutenentzat. Txapeleko kutikula kentzea aholkatzen da, eta 30 minutuz sukaldatzea.

Oharra: Erne! Clitocybe nebularis oso erraza da Entoloma sinuatum toxikoarekin nahastea. Gogoan izan azken honek urdain-hesteetako arazo larriak eragiten dituela. Bien arteko diferentzia: Bat, C. Nebularisek lamina dekurrenteak ditu eta usain indartsua, fungikoa; eta bi, E. sinuatumen laminak ez dira dekurrenteak eta irin usaina dauka.

*Zalantzarik izanez gero, kontsultatu zure inguruko perretxikozale aditu batekin.