Amanita muscaria
Kuleto faltsua, Falsa oronja, Matamoscas, Amanite tue-mouches, Fausse oronge, Fly amanita
POZOITSUA
Txapela: 6-20 cm-ko zabalera izan dezake. Hasieran borobila, gero zabaldu egiten da. Kolore gorri-gorria edo gorri-laranja du, oso distiragarria. Garatxo zuri edo horixka ugarik estaltzen dute kuleto faltsuaren txapela. Garatxook, sarritan, desagertu egiten dira euriarekin.
Laminak: Zuriak dira, edo zertxobait horiz tindatuak euria egin ondoren.
Oina: Zuria. Hasieran bete-betea, gero zulatua. Oinean bolba zuria du, handi samarra. Eraztuna ere badu, handi samarra eta zuria hau ere.
Mamia: Zuria. Kutikularen azpian laranja kolorekoa da, batez ere, euria egin ondoren. Errefauaren antzeko usaina dauka.
Noiz eta non aurkitu: Udatik udazkenera bitartean pagadi, harizti, gaztainadi, artadi eta pinudietan.
Jangarritasuna: TOXIKOA. Propietate haluzinogenoak ditu.
Oharra: Espezie oso arrunta da. Kontuz ibili behar da, garai euritsuetan batez ere, A. caesarea espeziearekin nahas baitaiteke, baina azken honek laminak, oina eta eraztuna urre kolorekoak ditu, eta Amanita muscariak, ostera, zuri-zuriak.