Agaricus macrosporus
Elur-bola, Bola de nieve, Agaric macrospora
OSO ONA
Txapela: 10-40 cm-ko zabalera izan dezake. Hasieran borobila, gero konbexua eta azkenik zapala. Kolore zuria du. Igurtzitakoan horitu egiten da apur bat. Sasoi lehorretan kutikula arrakalatu egiten da eta okre kolorea hartzen du.
Laminak: Zuriak hasieran eta, gerora, arrosa, marroi edo beltz kolorea hartzen dute. Lamina askeak eta estuak ditu.
Oina: Sendoa, txiki samarra, ezkataduna eta zuria. Eraztun zuria eta mehea.
Mamia: Mardula eta zuria. Ukitzerakoan gorritu egiten da zertxobait. Oin aldean hori kolorea har dezake. Hasieran almendra mingotsen usaina dauka, eta anis usaina ere izan dezake. Zahartzean usain desatsegina dauka.
Noiz eta non aurkitu: Udaberrian eta udazkenean agertzen da 500-1000 metro altuerako larreetan. Zirkulu handietan agertzen da sarri.
Jangarritasuna: OSO ONA. Heldutakoan komenigarria da lamina beltzak kentzea.
Oharra: Agaricus arvensisekin nahas daiteke, leku eta sasoi bertsuetan agertzen baita, baina azken hau txikiagoa da eta bere mamia ez da gorritzen. Agaricus silvicolarekin ere nahas daiteke. A. arvensis zein A. silvicola jangarriak dira.